Blog de Rivendel

marzo 8, 2008

Martxoak 8, emakume langilearen eguna

Filed under: Actualidad,erresistentzia,feminismoa,sociedad — grahamgreene @ 2:28 pm

Urtero bezala gaur ospatzen da emakume langilearen eguna. Emakumearen egoera munduan benetan gatza da. Egunero emakumeak diskriminazioa, biolentzia eta pobrezia jasan behar dute naiz gizon nola bizi garen sistemaren partetik,  baina naiz eta zama haundi hau jasan behar duten beraien sorbaldetan, beti aurrera jarraitzen dute eta egunero bere indarra eta ausartakeriarekin lezio bat ematen digute. Emakume langile guztientzak, sistema honen kontra erresistitzen jarraitzen dutenentzat, munduan zehar egunero beraiek eta beraien semeak egun bat gehiago bizitzeko aukera izateko ordu mordozka lan egiten dutenentzat, nire zorionak beroenak.

 

NONDIK DATOR EMAKUME LANGILEAREN EGUNA

Blog honetatik aterata: http://http://www.unibertsitatea.net/blogak/kintana/emakume-langilearen-nazioarteko-eguna-historia-ezezaguna

Emakume Langileen Nazioarteko Eguna: historia ezezaguna

Topikoa da gaur martxoak 8 emakumeez hitz egitea. Alta, topikoa izanagatik, data honen historiak, emakumeen historia osoak legez, aski ezezaguna izaten dirau. Zergatik ospatzen da gaurko egunez?

New York-eko fabrikako sutea (1911)

Sarri xamar entzuten den bertsio batek dio, AEBko oihalgintza fabrika batean jazo zenak eragin zuela martxoaren 8ko eguna. Izan ere, egun hartan, bertako emakume beharginak greban zeuden pairatzen zuten esplotazio laborala salatzeko, enpresan itxita, eta ugazabek su eman zioten eraikinari ehunka emakume bertan errez.

Iturriek diotenez gertaera izugarri haiek egiazkoak izan ziren, baina ez ziren zehazki martxoaren 8an gertatu, ezta 1857 urtean ere (zenbait tokitan aipatzen denez), baizik 1911ko martxoaren 25ean, New Yorkeko Triangle Shirtwaist fabrikan.


                                                                                        Triangle Shirtwaist
Ez omen dago guztiz argi ere ugazabek sua eman ote zioten fabrikari ala sutea istripua izan zen. Maiz gaizkile absolutuak bilatzen ditugu ohartu gabe zapalkuntza, bortxa eta krimena, gertaera monstruoso bakanetan bainoago eguneroko lan baldintza “arruntetan” egon litekeela. Hola, sutea piztu zein ez, zalantzarik gabe baiezta daiteke enpresako buruak erantzule zuzenak izan zirela:

Oihal fabrikako emakume langileak, gehienak italiar eta judu immigrante gazteak, asko nerabeak, astean 1,5 dolarren truke 60 ordutik gorako lan jarduna zuten. Lan baldintza inhumano haiengatik protestatzeko lau hilabeteko greba egin zuten 1910ean, baina ugazabek ez zituzten emakumeen sindikatuaren eskariak onartu. Fabrikan material inflamableak (oihalak, paperak, gasezko iluminazioa, zigarretak…) inolako segurtasun neurririk gabe zeuden, eta extintorerik ez egoteaz gain, hainbat solairutan atzeko ateak giltzatuak zeuden emakume langileek atsedenik har ez zezaten eta sindikatuak handik ibil ez zitezen. Hola, 1911an sutea hasi zenean, beheko solairuetako emakumeek ihes egin ahal izan zuten, baina bederatzigarren solairuko ate nagusia garrek blokeatu zutenean, ez zen atzeko aterik irekita egon. Su artean harrapatuta, emakume batzuk, leihoko kristalak apurtu eta jauzi egin zuten, gutxi batzuk bizirik irtenez. Gehienak su artean hil ziren, 146.

Emakume langileen nazioarteko eguna ez zen gertaera haien haritik sortu. New York-en jazotakoak lan legedia (eskubide eta segurtasun arloetan) hobetzeko balio izan zuen. Baina, horrez gain, suteak oihartzun handia izan zuen, eta emakumeen borrokan mugarri izan zen. Izatez, Estatu Batuetan, sufragismo eta emakume langileen errebindikazio eta greba mugimenduen haritik, jada 1909an, AEBko Alderdi Sozialistak, Emakumeen Egun Nazionala ospatzea erabaki zuen, hurrengo urteetan otsaileko azken igandeetan errepikatuko zuena. Langile mugimenduaren giro horretan joango zen munduan zehar emakumeen eguna finkatzen.


Emakumeen Eguna langile mugimenduari lotuta (1910-1916)

1910 urtean, Copenhagen bildutako Emakume Sozialisten II. Konferentzia Internazionalak, Clara Zetkin aleman ordezkariaren ekimenez, aurrerantzean Emakume Langileen Eguna ospatzea erabaki zuen, emakumeen errebindikazioak babesteko (sufragioa, berdintasun legala, eskubide laboralak…).

                           
                          Clara Zetkin (1857-1933)

Hamazazpi herrialdetatik heldutako ehun emakumek baino gehiagok berretsi zuten proposamena, eta Emakume Langileen Eguna, aurrenekoz, hurrengo urtean ospatu zen, 1911ko martxoaren 19an. Ekimenak Austria, Alemania, Suedia eta Danimarkan izan zuen jarraipena, orotara milioi bat pertsona mobilizatuz (mitinetara, manifestazioetara…), emakume zein gizon.

Ospakizuna hurrengo urteetan ere errepikatu zen, baina ez beti egun berberean, ezta herrialde guztietan berdin ere. AEBn, esan bezala, otsailaren azken igandeetan izaten zen. Errusian ere hilabete amaiera hori hartu zuten 1913an Emakume Langileen Eguna lehenengoz ospatzeko, baina beren egutegia ez zetorrenez bat mendebaldekoarekin, ez zen Amerikako data bera. Europan, aldiz, martxoan egiteko ohitura zegoen, hilaren 8 inguruan, nahiz ez beti egun horretan. 1914az geroztik, Emakume Langileen Eguna gerla hasi berriaren aurkako protestak egiteko ere baliatu zen.

Emakume Langileen Eguna eta Errusiako Iraultza (1917)

Gerra tarteko, 1917 urterako, Errusiak bi milioi soldadu galdu zituen (gehienak borrokara joatera behartutako nekazari eta langileak) eta gosetea hedatzen ari zen. Egoera izugarri horren aurrean, 1917ko otsaileko azken igandean, Petrogradeko emakumeen artean greba egiteko deia zabaldu zen, “ogia eta bakea” eskatuz. Langile mugimenduko buruei greba desegokia iruditu zitzaien, baina ezustean emakumeek hasitako protestak arrakasta handia izan zuen eta iraultza giroa Errusia osora zabaldu zen, lau egun geroago Tsar-aren abdikazioa ekarriz.

                    

Errusiar egutegiko otsaileko azken igande hura, mendebaldeko egutegian martxoak 8 egunari zegokion, eta laster errusiar beraiek hartu zuten egutegi hau. Hola, Emakume Langileen Eguna martxoaren 8ari lotuta geratu zen definitiboki, eta hala ospatu zen aurrerantzean, Errusian zein mendebaldeko herrialdeetan.

Egunaren bilakaera (1918-2007)

Data finkatu arren, aurkitu ditudan iturriek iradokitzen dutenez (kontua ez baitago guztiz argi), badirudi ospakizuna gainbehera joan zela hurrengo urteetan, nahiz ez desagertu. Sobietar Batasunean bertan, Alexandra Kollontai boltxebike feministak Lenin konbentzitu bazuen ere eguna ofizial bihurtzeko, martxoaren 8ak lan egun izaten segitu zuen 1965 arte (maiatzaren 1a, adibidez, opor egun zen bitartean). Mendebaldean, 1960ko hamarkadatik aurrera, mugimendu feministaren jalgitzeari lotuta, Emakume Langileen Egunak indar berria hartu zuen.

               

Interesgarria litzateke Euskal Herriko kasuan egun honen historia ezagutzea. Ospatu ote zen gerra aurretik? Zein bilakaera izan zuen 1960-1970etan? Ze diferentzia antzematen da euskal herrialde desberdinetan? Zein harrera sozial izan zuen garai bakoitzean? Nortzuk sustatu zuten egun hau Euskal Herrian?

1975ean Nazio Batuen Erakundeak, Emakumeen Nazioarteko Urtea ospatu zuen, aurrerantzean urtero mundu osoan emakumeen eskubideen aldeko egun bat egitea gomendatuz. Hola, 1977an NBE ofizialki hasi zen Emakumeen Eguna ospatzen, eta mendebaldean ez ezik hirugarren munduko herrialde askotara ere zabaldu zen ekimena. Aipagarria da NBEk kontu berezia izan zuela egun honen jatorri sozialista tapatzeko.

Gaur egun, herrialde askotan martxoaren 8ak izaera errebindikatiboa gordetzen badu ere, beste askotan esanahi ideologikorik gabeko emakumeen omenezko ospakizun tribial bihurtu da, San Valentin eta Amaren Egunaren arteko zerbait. Adierazgarria da oso, egunari berari Emakume Langileen Nazioarteko Eguna izena barik, Emakumeen Eguna deitzea soilik (edo Emakumeen Nazioarteko Eguna erdibidekoa). Gure erakundeek ere azken aukera erdibideko hau (ez oso konfliktiboa) hobetsi dute NBEren bidetik. Egun honek, ordea, jatorrian eta helburuetan, esanahi argi bat zuen. Ez emakumeei omenaldi neutro bat egitea, emazte, alaba, ama edo maitale izateagatik, baizik beren langile izaera aintzat hartzea (emakumeei, etxean zein kanpoan lan egin arren, izate hori maiz ukatu baitzaie), emakume izateagatik pairatzen duten diskriminazioa salatzea eta beren eskubideak defenditzea.

Azken ordua 
Autezkundeak direla eta entzun dut emakume langilearen aldeko manifestazio batzuk debekatu dituztela, Iruñako bat konfirmatu ahal dut debekatu dutela. Hau da fasxismoa hau!!

3 comentarios »

  1. kl

    Comentario por Anónimo — marzo 2, 2009 @ 4:35 pm | Responder

  2. oso ondo

    Comentario por Anónimo — marzo 2, 2009 @ 4:36 pm | Responder

  3. Milesker informazioagatik, emakumeei buruzko lan bat egiten hari naiz eta oso ondo datorkit.

    Comentario por Anónimo — marzo 8, 2011 @ 5:55 pm | Responder


RSS feed for comments on this post. TrackBack URI

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

Blog de WordPress.com.

A %d blogueros les gusta esto: